jueves, 28 de abril de 2011

Klasiketako errege


Davide Rebellinek lortu zuena 2004ean Philippe Gilbert belgikarrak lortu du zazpi urte beranduago. Ardeenetako hirukotea osatzen duten hiru lasterketetan garaipena lortzea. Lieja-Bastone-Liejaklasikoan bi besoak gora altxatu ditu Schleck anaien aurretik. Frank bigarren helmugaratu da eta Andy hirugarren 255 kilometroko ibilbidean.

Klasika normal joan da azken 100 kilometroetara arte. Hor zeuden kokatuak igo behar ziren hamar muinoetatik azken bederatziak. Ihes egindako taldetxo bat sortu da 80 kilometro faltan, bertan Juanma Garate irundarra sartuta zegoena. Denbora guztian kontrolpean egon dira, Omega Pharma Lotto taldeak nagusiki lan hori burutuz azken aurreko muinora arte, hor hasi baita faboritoen arteko eraso festa.

Schleck anaiek hasi dute lehenengo tiroak botatzen. 21 kilometro falta ziren helmugarako. Pelotoia atzean utzi dute bat izan ezik, gaurko erregea bilakatuko dena helmugan, Philipe Gilbert. Muino horretan beste faborito guztiak pelotoi nagusian geratu dira luxenburgotarren erasoen aurrean erantzun ezinean. Iazko irabazleak, Alexandre Vinokourov, adibidez matxura mekaniko bat izan du eta horrek zituen aukera txikiak gaur zerbait egiteko kendu dizkio. Azken muinora laukote bat izanda iritsi dira aurrekoak, aipatutako hiru horiez gain baita Greg Van Avermaet (BMC) ihesalditik azkena iraun duena. Azken igoera horretan Andy saiatu daPhilippe Gilbert atzean uzten irabazteko aukera gutxi izango baitzuten belgikarrarekin batera iritsiz gero baina kontrakoa ere gertatu da. Belgikarra erasoka hasi da bere nagusitasuna erakutsiz muino horretako azken aldapetan. Azkenean helmugan sprintean Omega Pharma Lottoko kidea nagusi erabat eta Frank eta Andy Schleck hurrenez hurren podium-eko bigarren eta hirugarren postuarekin konformatu beharra izan dute.

Lehiaketa

Tropelak antolatutako lehiaketaren inguruan hasteko esan beharra dago agian urteko bereziena izaten dela aste hau. Hiru lasterketa desberdinetan, txirrindulari desberdinen parte hartzearekin, kiniela bakarrarekin egin behar zaiolako aurre. Horrek buruari bueltak ematea derrigortzen digu parte hartzaileoi eta zenbait arrisku hartu beharra ere egoten da.

Gaurkoari begiratuz gero argi dago Philippe Gilbert, Schleck anaiak eta Igor Anton euskalduna hartu dutenek zakukada puntu hartu dutela. Ondorioz gaurko lasterketako irabazlea Kankuazkoitiarra izan da 902 punturekin, beadonostia erabiltzailea bost puntura eta JONTEAM hamabost puntura utziz. Hiru lasterketa hauetako garailea berriz Prakazuri azkoitiarra izan da 1632 punturekin. Azken lasterketan 75 postu igoarazi ditu lortu dituen 802 puntuekin. Jarraian jgoiko ataundarra eta jonbeltza lezotarra sailkatuz 1585 eta 1565 punturekin hurrenez hurren.

Gogoratu hurrengo lehiaketa denboraldiko lehen itzuli handia izango duela ardatz: Italiako Giroa.

Agazkia: velonews.competitor.com / Graham Watson

domingo, 24 de abril de 2011

Deabruaren erritmoan


Euskal Herria bezala, eguzkia Ardenetako bazterrak ederki berotzen ari da. Horrek zale asko eraman ditu gaur Fleche-Wallone klasikoaren helmugara, Huy-ko aldapara alegia. Zale andana, benetan. Giro bikaina denentzat. Beno, guztientzat ez: Gilbertek erasoa jo duenean Huyn gora, haren atzetik zetozen ziklista guztiek majo sufritu dute. Infernua bilakatu zaie azken aldapa. Omega Pharma Lotto taldeko txirrindularia bakar-bakarrik joan da gorantz. Inork ezin izan du kate motzean lotu. Honenbestez, joan den igandean Amstel Gold Racen nagusitu ostean, Fleche-Wallone ere eskuratu du waloiak. Alegia, etxean nagusitu da.

Ohi lez, azken aldapan erabaki da lasterketa. Bertara iritsi da tropeltxo handi samarra, eta faboritoak, denen ahotan zegoenak, eraso kolpe bortitza jo du. Bortitza izan da, bai, ez delako haren gurpila hartzeko gauza izan den ziklistarik. Gilberten atzetik, Rodriguez helmugaratu da. Kataluniarra apurka-apurka gora egiten ari da; Euskal Herrian etapa irabazi zuen eta Amstelen ere podiumera igo zen. Euskaltel-Euskadiko Sanchez hirugarren sailkatu da. Bada zerbait. Asturiarrak atzetik aurrera egin ditu azken metroak eta hainbat txirrindulari aurreratu ditu. Igor Anton ere bikain aritu da: bosgarren sailkatu da. Iaz ere, galdakaotarra ez zen garaipenetik oso aparte ibili, laugarren helmugaratu baitzen. Italiako Giroari begira baikor izateko arrazoirik badago, nahiz eta Antonek esan sailkapen nagusia ez duela lehiatuko.

Cancellara-Gilbert. Gilbert-Cancellara. Azken urteotako klasiko handien emaitzek agerian utzi dute bi txirrindulariok direla iaioenak egun bateko proba luzeetan. Cancellarak erakustaldi paregabeak eman zituen iaz, nola Flandesko Tourrean hala Paris-Roubaixen. Balentria da tankera horretako bi lasterketa elkarren segidan irabaztea, benetan. Bada, hori bera erdietsi du Gilbertek 2011n. Garaipen zerrenda handia osatzen ari da, bai horixe: bi bider irabazi ditu Amstel Gold Race, Paris-Tours eta Lombardiako Giroa, behin Fleche-Wallone… Joan den urtean aldaptxo motz baina gogorretan bukatu ziren Espainiako Vueltako etapetan erakustaldia eman zuen, Munduko Txapelketa buruan zuela. Munduko Txapelketan erasoka ibili zen, baina waloiak ezin izan zuen ortzadar maillota jantzi, Husvod norvegiarra gailendu baitzen. Hala ere, aurtengo denboraldi hasieran erakusten ari da zer nolako ziklista den. Handia, zinez.

Igandean Lieje-Bastonge-Liejen ere irabazteko gai den? Gai dela ez dago zalantzarik. Hala ere, Fleche-Wallonen lasterketa kontrolatzea errazagoa da, oilarrak pega-pega eginda iristen direlako azken igoerara. Liejara bidean errazagoa da tropelaren kontrolari iskin egitea, eta beraz, faboritoen zerrenda zabal samarra izan ohi da.

domingo, 17 de abril de 2011

Ardenetako klasikoak hastera doaz!!!


20110417-052055.jpgGaur hasiko dira Tropelan jokatuko diren Ardenetako hiru klasikoak: Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja.

3 multzo ezberdin osatu ditugu eta beraietatik 15 txirrindulari aukeratu beharra izan dugu: Hautagai nagusiak (5 aukeratzeko), Euskaldunak (2 aukeratzeko) eta Beste hautagaiak (8).

Hau ikusita ez da harritzekoa askori zail egitea lehiaketa honetarako gustuko kiniela egitea. Niri behintzat hala suertatu zait.

Arrazoi nagusienetakoa lasterketa hauetan parte hartu behar dutenen txirrindularien izenak ez jakitea da. Bezperatan izaki, Amstel Gold Racen zein txirrindularik parte hartuko duten badakigu, nahiz eta webgune ofizialeko zerrendak zalantza sortu. Hala suertatu da @julenek Twitter bidez Evansen inguruan galdegin duenean. Australiarrak lesio bat izan du eta ez du parte hartuko Ardenetako klasikoetan baina oraindik post hau idazterakoan Amstel Gold Race lasterketaren webgune ofizialeko zerrendan azaltzen zen partehartzaile gisa.

Flecha Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja lasterketei dagokionez talde gehienek gutxi gorabeherako taldeak ezagutzera eman dituzte, baina zehaztasunik gabe. Webgune ofizialean zerrenda ez ofizial batzuk badira, baina seguru aldaketak jasango dituztela lasterketa eguna iritsi artean.

Horretaz gain, izen on ugari baina kinielan 15 hautatu behar. Zenbat zarete ni bezala 20-25en bat gustura hartuko lituzketenak? Zein irizpide erabili 15 txirrindulariz osatutako kinielarik gustukoena aukeratzeko? Hor dago koxka!

Zailtasunak zailtasun asko izan zarete lehiaketan parte hartzera animatu zaretenak eta hori poztekoa da. Marka polita da 6.000 kinielatik gora izatea lasterketa honetan aipatutako zailtasunak kontutan hartuta.

Zorte on guztioi!